Berriak

eTerrace: “Oso erraz azkartu litezke tabernetako eta jatetxeetako ordainketak”
16/06/2022
Task app: “Egungo ziurgabetasun-egoeran, ostalaritzan hartu beharreko erabakiak hobetzeko premia ikusi genuen”
23/06/2022

OYE! Orientación y Empleo in itinere: “Enplegua eta autoenplegua sustatzen ditugu landa-eremuetan eta eremu sakabanatuetan”

Ana Cáceres Graupera da OYE! Orientación y Empleo in itinere proiektuaren sortzailea. Orientazio-zerbitzu ibiltaria da, landa-eremuetan eta eremu sakabanatuetan enplegua eta autoenplegua sustatzen dituena.

Araialdean duen orientazio-zerbitzu ibiltariari esker, laneratzeko zailtasun handienak dituzten talde sozialei zuzendutako lan arloko gaikuntzarako prestakuntza-jarduerak eskaintzeaz gain, OYE! Orientación y  Empleo in itinere proiektuak RPK sari berezia jaso zuen, enpresa arloko eraldaketa sozialekoa, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XVIII. edizioan.

Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diogu Ana Cáceres Grauperari, hura baita ekintzailea ideiaren ondoren.

Araba Ekinean (AE): Nola laburtuko zenukete zuen proiektua esaldi batean?

OYE! Orientación y  Empleo in itinere (O): OYE! Orientación y Empleo in itinere zerbitzuak enplegua eta autoenplegua sustatzen ditu landa-eremuetan eta eremu sakabanatuetan, orientazio mugikorraren eta COBRA ekintzen bidez.

AE: Nola sortu zen ideia?

O: 2020an, mugitzeko zailtasun handiak zeudenez, ardogileek ez zekiten mahatsa biltzeko jendea izango ote zuten. Arabako Txakolina-ra deitzea bururatu zitzaidan, mahats-bilketan trebatutako pertsonak kontratatu nahi ote zituzten jakiteko. Hiru ardogilek baietz esan zidaten. Halatan, 8 lagun trebatu nituen mahats-biltze lanetan ez ezik, oinarrizko gaitasunetan ere, hala nola denboraren antolaketan, talde-lanean edo gatazkak konpontzen. Gainera, esan nien, mahats-bilketa amaitzean, zuzenean lana beren kabuz bilatzen ikas zezaketela nirekin banakako tutoretza batzuen bidez.

Emaitza oso ona izan zen: parte-hartzaileen % 100ek lana lortu zuen sasoikako langile gisa upeltegietan. Ondoren, hiruk banakako tutoretza egin zuten. Haietako bik lana aurkitu zuten. Eta, gaur egun, dakidanez, lanean jarraitzen dute.

Horixe izan zen OYE proiektuaren ernamuina!

AE: Zein puntutan zaudete orain? 

O: Proiektu hau abian da dagoeneko Amurrion. Udalak oniritzia eman du 6 hilabeteko proiektu pilotua egiteko.

UNEDen ere oso ondo funtzionatu du; izan ere, OYE! Unibertsitate-proiektu gisa sortu zen, eta, sariaren ondoren, itzuli egin da, baina oraingo honetan “Enplegurako eta autoenplegurako orientazioa eta prestakuntza” modulu-programako ikasleei aurkezteko.

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

O: Amurrion proiektua aurrera eramatea eta datorrenarekin bat egitea. Proiektua Araba osoan ezarri nahi denez, erakunde gehiagok finantzatu nahi izatearen ildotik jarraituko dut.

AE: Zer aholku gustatuko zitzaizuen jasotzea proiektuarekin hasi zinetenean?

O: Lagun batek eman zidan aholkua. Esan zidan zerbait lortzeko, edozer dela ere, eskiatzaileek bezala egin behar duzula, malda batean behera doazenean ez baitituzte zuhaitzak ikusten, ezta oztopoak ere, ez erortzeko nondik pasa baizik ez dute pentsatzen. Metafora hori nire erretinan grabatuta geratu zen, eta harrezkero edozertarako erabiltzen dut. Esku artean duzun edozein proiekturekin jarraitzeko arazoa edo ezintasuna zure ikuspegia da, benetako ezintasuna baino gehiago. Beti dago bide bat zuhaitzak saihesten jarraitzeko.

AE: Zer eragin izan du proiektuarentzat “Zure ideiak balio du” lehiaketan saria jasotzeak?

O: Zalantzarik gabe, OYE! proiektuari sendotasuna eta sinesgarritasuna eman dizkio sariak. Proiektua saritu gisa aurkezteak ikusgarritasun handiagoa ematen dio.