Berriak

Explorer Araba 2021, ideia berritzaileak 2030ko garapen jasangarrirako helburuak lortzeko
10/05/2021
Elikagai ekologikoak, etorkizun handiko ekintzailetza-nitxoa
28/05/2021

Paula, Lúpulo de Kintana proiektukoa: “Hobby gisa hasi ginen eta apurka-apurka bizi-proiektu bihurtu da”.

Lúpulo de Kintana

Explorer Araba 2021 programaren lehen saria irabazi ondoren, etorkizunari begira dago jada Lúpulo de Kintana: plantazioa handitzea eta bere bizi-proiektua sendotzea.

Araba Ekinean ekimenetik Explorer Araba programaren 2021eko edizioaren amaiera aprobetxatu nahi izan dugu hurbilagotik ezagutzeko pasio gehien piztu dituen proiektu ekintzaileetako bat: Lúpulo de Kintana. Arabako Kintanako herrian 0KMko lupulua ereiteko eta saltzeko proiektu bat dugu, hobby gisa hasi eta proiektuaren sortzaileek beren bizi-proiektu bihurtuko dela espero dutena.

Proiektuari buruz eta Explorer Araba programan izan duen esperientziari buruz gehiago jakiteko, proiektuaren sortzaileetako bat dugu gurekin, Paula Romero.

Araba Ekinean (AE): Zer da Lúpulo de Kintana?

Paula Romero (PR): Lúpulo de Kintana gu gara, nahasketa euskal-andaluziar baten emaitza, zeinak pertseberantziaz ideia bat bizi-proiektu batean gauzatzea lortu duen.

AE: Noiz sortu zen ideia eta zer pauso eman dituzu orduz geroztik?

PR: 2018an sortu zen ideia, nire bikotekidea AEBra egindako lan-bidaia batetik itzuli zenean. Craft kulturaren eta artisau-garagardoa egiteko moduaren eraginpean etorri zen. Espainian lupulu-eskasia dagoela konturatu ginen, hau da, garagardoak duen osagai nagusietako batena, eta landare batzuk landatzea proposatu zidan, hobby gisa.

20 landarerekin eta 12 barietaterekin hasi ginen lehenengo urtean. Emaitza nahiko harrigarria izan zen, ingurura ondo egokitu zirela ikustean. Orduan planteatu genion geure buruari proba bat egin genezakeela hobekien egokitu ziren 3 barietateekin. Etxeko materialekin, plastikozko tutuak zituzten zutoinekin, sokekin eta abar egindako egitura bat muntatu genuen. Barietate bakoitzeko 20 landare erosi genituen, abenturari ekin genion eta pandemia iritsi zen. Zorionez laborea artatu ahal izan genuen, eta ahal genuen moduan salbatu genuen denboraldia, denetarik gertatu zitzaigun, gaixotasunak, izurriteak, kazkabarra, zutoinak hautsi egin ziren… Eta aurtengorako material merkeak kentzea erabaki genuen, eta egitura bat egitea zurezko zutoinekin eta altzairuzko alanbrearekin, Leonen egiten den bezala.

Bitartean proiektua itxuratzen hasi ginen Hazi programan. Nekazaritza-prestakuntzako ikastaroak egiten hasi ginen eta Gaztenek programan eman nuen izena. UAGA elkarteko orientatzaile bat jarri zidaten, eta hark aholkularitza eman eta lagundu egin zidan enpresa-plana egiteko, baina horrek guztiak ez zuen ezertarako balio aldundiaren onespenik gabe, eta haiekin bilera asko izan eta haien aldetik ezezko ugari jaso ondoren, proiektuari oniritzia eman ziezaiotela lortu genuen. 

Horretaz guztiaz aparte, Explorer Araba 2021 programan izena eman nuen zertan zetzan jakin gabe, eta aldi berean Euskal Garagardoa Elkarteko kide bat jarri zen gurekin harremanetan, gure proiektuarekiko interesatuta. Hark ere elkarteko teknikariarekin jarri zigun harremanetan, AleoVitro deitutako bioteknologia-laborategi bateko kide batekin.

Horrekin guztiarekin egina genuen jada bidearen zati handi bat, baina bultzada bat falta zitzaigun eta Explorer Araba 2021 programari esker lortu genuen, agerikotasuna eman baitigu tokiko hedabideen aurrean.

AE: Zergatik erabaki zenuten Explorer Araba programan parte hartzea?

PR: Zertan zetzan zehazki jakin gabe ere, enpresa bat muntatzeko gure helburua lortzeko beste prestakuntza-bitarteko bat izan zitekeela ikusi genuelako.

AE: Zer eramaten duzu zurekin zure parte-hartzetik?

PR: Ba nirekin eramaten ditut prestakuntza, kontaktuak, lagun talde bat eta esperientzia ahaztezin bat.

AE: Gauza bakar batekin geratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

PR: Ba gauza askorekin geratuko nintzateke, baina batez ere mentoreekin, behar dudan guztian lagundu baitzidaten orduan eta laguntzen baitidate gaur.

AE: Eta hemendik aurrera, zein izango dira hurrengo pausoak Lúpulo de Kintanarentzat?

PR: Ba pertsonalki eta lan-arloan hazten jarraitu ahal izatea dira hurrengo pausoak, datorren urterako labore-hektarea batekin hasita.


Eskerrik asko Paula Romerori gure galderei erantzutegatik!