Berriak

“Zure ideiak balio du” lehiaketaren finalistak
17/04/2018
Lagundu ID, Etermal, Keep Tick eta Bizia, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren irabazleak
19/04/2018

PEPE BARREIRA, METEO FOR ENERGY ETA PILAR REDONDO, ARABA EKINEAN 2018 SARIEN IRABAZLEAK

Ourensen sortua baina Gasteizen errotua, Pepe Barreirak irabazi du Araba Ekinean 2018 Ekintzaile Handiaren Saria. Eta sari hori irabazi du hainbat enpresa-ekimenen buruan ibilbide luzea egin ondoren. Hotelak, jatetxeak, eta garraioko, logistikako eta energia berriztagarrietako enpresak dira haren espiritu ekintzailearen erakusgarrietako batzuk. SEA Arabako Enpresariak elkarteko Ostalaritza-ataleko presidentea izan da, eta betidanik gazteak animatu ditu beldurrik gabe ekitera.

Ez da eguneko saridun bakarra izan. Meteo for Energy enpresaren sortzaile Amaia Acha-Orbeak eta Ibon Salbidegoitiak “Araban ekitea” saria irabazi dute. Orain 5 urte sortutako enpresa da, eta meteorologiaren, energia-efizientziaren edo Big Dataren alorretan dihardu. Azken bolada honetan sari bat baino gehiago irabazi dute, Banc Sabadellek edo Ajebaskek emandakoak adibidez.

Baina eguneko unerik hunkigarriena Pilar Redondo SECOT Arabako presidente ohiari sari berezi bat eman zaionean etorri da. Sari berezi hori ematen den lehen aldia da, eta urtetan eta urtetan ekintzaileei etengabe emandako laguntza eskertu nahi izan diote horrela. Lehenik, Jesús Obrero ikastetxeko irakasle eta zuzendari gisa jardun zuen, eta, geroago, profesional seniorren elkartean, proiektu eta ideia berrietarako aholku emanez Gainera, Redondok parte-hartze aktiboa izan du Araba Ekinean ekimenaren edizio gehienetan, ideien lehiaketaren Epaimahaiko kide gisa jardunez.