Berriak

Araba lehena da estatuko ekintzailetzan, txosten baten arabera
November 20, 2020
EXPLORER ARABA SPACE
Explorer Araba Spacek ideia berritzaileetan oinarritutako hogei proiektu hautatuko ditu
November 25, 2020

Psikopombo-k: “Adinekoen talentua eta grina bizirik mantentzen dugu”

Psikopombok adinekoen bizitza hobetzearen alde egindako apustua eta hartutako konpromisoa saritu nahi izan du epaimahaiak, “Zure ideiak balio du” XVI. lehiaketaren zerbitzu-sektoreko ekimen onenaren Ferrovial Saria emanez.

Proiektu honi buruz gehiago jakiteko Sofía Rodríguez, ideiaren atzean dagoen ekintzailea, elkarrizketatu dugu.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi bakar batean?

Sofía Rodríguez (SR): Adinekoen talentua eta grina bizirik mantentzen dugu, haien autonomia bultzatuz eta haien aisialdia kudeatzen lagunduz. 

AE: Nola sortu zen ideia?

SR: Adinekoen sektorean soziosanitario gisa lanean nenbilela ideia batzuk bururatu zitzaizkidan, sektorearentzat oro har eta zahartze aktiboaren esparruan bereziki baliagarri izan zitezkeenak, eta ideia horiek garatzeari ekin nion. 

AE: Zer puntutan zaudete? 

SR: Finkatze-fasean gaude: dagoeneko funtzionatzen duenarekin, lan-ildo beretik jarraituz; eta ideia berriak garatzen amaituz eta abian jarriz. Estatu-mailako bigarren promozio bat abiaraziko dugu laster, orain artean landutakoa aurkeztuz eta ideia berriak partekatuz, kolaboratzaile berriak aurkitzeko, agian babesleren bat ere bai… 

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

SR: 2021ean abiaraziko ditugun bi proiekturekin ari gara aldi berean. Proiektu batekin, aholkularitza eta laguntza psikosoziala eman nahi diegu zahartzaroaren hasieran dauden eta familiarik ez duten adinekoei, haien eskura mapa zehatz eta irakurterraz bat jarriz, egun bizi duten egoera horretan legalki, ekonomikoki eta sozialki nola jardun dezaketen jakin dezaten. 

Beste proiektua sortzailetasunean oinarritzen da: haur eta nerabeen belaunaldiekin, zainketen eta adinekoen mundua landuko dugu, modu hezigarri, humano eta emozional batean. 

AE: Pandemiak eraginpean hartu zaituzte? 

SR: Bai, konfinamendu-garaian batez ere, kudeaketari eta mugikortasunari dagokionez.

AE: Aldaketaren bat egin duzue normaltasun berrira egokitzeko? 

SR: Konfinamenduaren erdian abiarazi dugu proiektua, eta normaltasun berria da gure normaltasun bakarra.

AE: Zer eman dio proiektuari “Zure ideiak balio du” lehiaketaren errekonozimenduak?

SR: Enpresa-mailan, kolaboratzaileak finkatzea eta sareak zabaltzen laguntzea; hazkunde-mailan, sariaren dirua prestakuntzan inbertituko dugu, zehazkiago, Gerontologia eta Hirugarren Adineko unibertsitate-master batean; eta azkenik, maila pertsonalean, esker ona eta erronka eta proiektu berriei heltzeko kemena. 


Eskerrik asko Sofía gure galderei erantzuteagatik, eta zorte on zure proiektuarekin!