Berriak

Escape Bask: “Emozioz eta misterioz betetako turismo-esperientzia bat eskaintzen dugu”
02/12/2020
Bikai: “ETEei emaitzak hobetzen lagundu nahi diegu Business Intelligence-aren laguntzarekin”
11/12/2020

Recyycle: “Konponketaren bitartez, plastikoen bizitza baliagarria luzatu nahi dugu”

Plastikozko produktuak berrerabili eta konpontzearen alde egin duten apustuagatik, epaimahaiak Recyycleri eman zion industria-ekimen onenaren Michelin Saria, “Zure ideiak balio du” Lehiaketaren XVI. edizioan.

Proiektu horri buruz gehiago jakiteko Antonio Martínez elkarrizketatu dugu, ideiaren atzean dagoen ekintzailea.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi bakar batean?

 Antonio Martínez (AM): Plastikoen bizitza baliagarria errentagarri egin nahi dugu, konponketaren bitartez.

AE: Nola sortu zen ideia?

AM: Ingurumenarekiko sentsibilizazioa funtsezkoa izan da niretzat, inguruneari eragiten diogun aztarna arintzearen aldeko interesa piztu didan neurrian. Nire ibilbide profesionala termoplastikoei lotuta egon da betidanik, eta elementu horien produkzio-sistemak eta kalitatea izugarri hobetu dira azken hamarkadetan; hala ere, erabileraren edo ustekabeko kolpe baten eraginez arrakala bat sortu edo haustura bat gertatzen bada, produktua zakarretara botatzen da eta beste batekin ordezten da. Nire helburua izan da zenbait industria-sektoreren artean konponbide berritzaileak bilatzea, elementu horiek berreskuratzen ahalegintzeko. Hala, hondakinaren murrizketan eragiten dugu zuzenean.

AE: Zer puntutan zaudete?

 AM: Lehen bezeroak erakartzea lortu dut jada, eta beraz, merkaturatzeko fasean bete-betean murgilduta gaudela esan dezakegu.

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

 AM: Jendea kontzientziatzen jarraitzea, konponketa aukera errentagarri eta jasangarria izan daitekeela ohar daitezen. Jarduera sendotzea eta konponketa-sistema berriak garatzea, ahalik eta plastiko sorta zabalena konpondu ahal izateko.

AE: Pandemiak eraginpean hartu zaituzte? Aldaketaren bat egin duzue normaltasun berrira egokitzeko?

 AM: Eragin digu bai, jakina, ia 6 hilabeteko atzerapena daukagu urte-hasieran egin genituen aurreikuspenetan. Merkataritza-kudeaketa digitalera aldatzea izan da egokitzapen nagusia, bisita presentzialetarako aurkitu ditugun zailtasunen ondorioz. Ez genuen aurreikusi aurten inbertsio hori egin beharra, baina bizirik iraun beharrak ezinbestean eraman gaitu horretara.

AE: Zer eman dio proiektuari “Zure ideiak balio du” lehiaketaren errekonozimenduak?

 AM: Urte hain korapilatsu honen ostean, errekonozimendua indar-injekzio bat izan da guretzat, behar-beharrezkoa genuen bultzada. Bestetik, gure presentzia digitala indartzeko ere lagungarri izaten ari da, Ekimenaren ospea aintzat hartuta.

Eskerrik asko Antoniori gure galderei erantzuteagatik, eta zorte on zure proiektuarekin!