Berriak

Milenial ekintzaileak: ilusioz gainezka
07/03/2018
Ekin Breakfast 4.0 Industria
22/03/2018

“Landa-ingurunean ekiteari” buruzko 7 ideia

Gorobel mendilerro ikusgarria atzealdean genuela, Amurrioko El Refor jatetxeak II. Ekinbreakfasta hartu zuen, landa-inguruneko ekintzailetzari buruz hitz egiteko antolatutako topaketa. Landatik zuzenean iritsitako produktuak hazi, eraldatu edo ekoizteko enpresa, ideia eta proiektuak hartu genituen hizpide. Txema Pérez de Arriba (Delika2), Zuriñe Vigalondo eta Maitane Beltrán de Guevara (Ekotarriko) eta Asier Arregui (Hazi) izan ziren protagonista nagusiak. Debate bizia eta interesgarria sortu zen benetan, eta ideia nagusiak azalduko dizkizuegu jarraian, zazpi puntutan laburbilduta:

 

  1. Belaunaldi-errelebuaren arazoa

Belaunaldi-erreleburik eza da arazo nagusia nekazaritza- eta abeltzaintza-eremu askotan. Gainera, arazoa areagotu egingo da datozen urteetan, eta dagoeneko hainbat neurri zehatz jarri dira abian arazo horri aurre egiteko: errelebu-programak, laguntzak, diru-laguntzak, bideragarritasun-azterlanetarako laguntzak, etab. Hazi fundazioak horri buruz abian jarritako programak kontsulta ditzakezue hemen: http://www.hazi.es/es/emprendimiento/251-gaztenek.html

 

  1. Balio erantsia eskaintzea

Ekoizle edo eraldatzaile txiki batentzat ezinezkoa da prezioan lehiatzea, eskalako ekonomiekin zerikusia duten arrazoiak tarteko. Horregatik, balio erantsi bat eskaini behar du, merkatuan barneratu ahal izateko: kalitate objektibo handiagoa, toki-produktua, elaborazioa, labore motak, produktu ekologikoak, etab. Horixe da industria handiagoekin lehian sartzeko modu bakarra. Prezio lehiakorren bidez presioa egin dezakete enpresa horiek, baina ezin dute, inondik inora, aparteko balio hori eskaini.

 

  1. Merkaturatzea, oztopo handi hori

Nekazaritza eta abeltzaintzako eremuan dihardutenek primeran egiten dute beren lana: perretxiko ekologikoak maitasunez hazten dituzte, errezeta tradizionalak arreta handiz prestatzen dituzte, ardiak zaintzen dituzte, ardoa egiten dute, etab.

Produktua merkaturatzean traba handi bat gainditu behar dute, ordea. Izan ere, banaketa-eredua hautatu behar dute (beren kabuz banatzea edo hirugarrenen bitartez), eta zeregin horretan buru-belarri murgildu. Delika2 enpresako Txema Pérez de Arribak zioenez, “produkzioa handitu nahi nuen, baina horretarako bezerorik ez nuen; eta bezero berrien bila ere ezin nintzen jarri, neukan produkzioarekin haiei hornitzeko moduan ez bainengoen”.

 

  1. Landa guztia ez da oreganoa

Zelai, mendi eta basoz inguratuta bizitzearen mistikaren eraginez, askok landa-eremuan ekitea idilikoa dela uste dute. Eta neurri batean hala da, dudarik gabe, toki zoragarri batean bizitzeko eta lan egiteko aukera izango duzulako, baina kontuz: landan lan egiteak ordu asko sartzea eskatzen du, ahalegin fisiko handia, bezero eta hornitzaileekin negoziatu beharra, prestakuntza, etab.

 

  1. Ez ahaztu enpresa bat daukazula

Landa-munduan ekitea beste sektore batzuetan ekitea bezalakoxea da. Bideragarritasun-plan bat egin behar da, negozio-eredu bat, inbertsioak, etab., eta, gainera, zeharkako prestakuntza jaso behar da (prestakuntza teknikoa, baina baita enpresa bat zuzentzeko behar diren trebetasunen —komunikazioa, finantzak, etab.— ikuspegitik ere).

 

  1. Aukerarik egon badago.

Nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaien sektoreak negozio-aukera interesgarriak eskaintzen ditu. Lehia txikia da nitxo askotan, eta beraz, nitxo hori aurkitu behar da, merkatuari soluzio irudimentsu eta berritzaileak eskaini behar zaizkio, eta, jakina, gauzak ongi egin behar dira. Euskadin eta Araban bada industria hori garatzeko tradizio eta trebetasunik, baina Haziko Asier Arreguik ongi adierazi zuenez, “eraldaketaren alorrean hobetu beharra dago, Nafarroak, Errioxak, Kataluniak eta beste zenbait eskualdek alde handia ateratzen digutelako horretan, baita merkaturatzearen alorrean ere”.

 

  1. Pasioa eta konpainia ona

Zuriñe Vigalondok eta Maitane Beltrán de Guevarak argi eta garbi esan dute: pasioa da garrantzitsuena, eta haiek pasio eta grinaz bizi dute lanbidea, baina bakarrik ez lirateke beste behin horrelako beste batean sartuko. Elkarri eman dioten laguntza funtsezkoa izan da bidean, eta horregatik oinarrizkoa da aldamenean edukiko dituzun pertsonak ongi aukeratzea, hain zuzen ere prozesu horretan benetan lagundu eta aholku egokiak emango dizkizuten pertsonak.