Berriak

Foarseren XVI. Biltzarra: jakin gauza gehiago gardentasunaren eta gobernantza onaren inguruan
05/10/2022
Ekin Breakfast: Gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako enplegu sorketa
27/10/2022

Urban Commerce 2022: Merkataritzaren etorkizunari begira

Azaroaren 10ean eta 11n, hiriko merkataritzaren aldeko Urban Commerce 2022 ekimena izango da Europa Biltzar Jauregian. 2006. urtean abiarazi zen proiektua, Gasteizko Udaleko Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak bultzatuta.

Biltzarraren helburua Gasteiz erreferentziako hiri bihurtzea da, merkataritza biziberritzeko politiken alorrean, baita hiri merkataritzaren modernizatze eta berrikuntzarekin lotutako esperientziak trukatzeko ere. Foro garrantzitsua izaki, merkataritzaren arloko mota guztietako profesionalak biltzen dira urtetik urtera, txikizkako banaketaren sektorekoak, administrazio publikoetako teknikari eta zuzendariak, baita lotutako arloetako irakasle eta ikertzaileak ere.

Hiriko Merkataritzari buruzko XVI. Foroa

COVID-19ak eragindako ezohiko egoera gainditu dugularik, 2022. urte honetako edizioan biltzarraren ohiko egitura berreskuratuko dugu, eta etorkizunean gertatuko dena aztertuko dugu, batik bat, saioetan. Horregatik, merkatuan agertu diren joera berriak sakonki aztertuko ditugu, merkatariek nola egin behar dieten aurre joera horiei eta, batez ere, nola egokitu horietara. 

Azterketa hori egitea are beharrezkoagoa da, bereziki, merkataritzaren sektorean, sektore horretako erosketen eta kontsumoaren mekanikak aldatu egin dira eta. Aurtengo edizioan, beraz, azken bi urteotan bizi izandakoari buruz ikastea izango da xedea, merkataritzaren munduan sortu den agertoki berriari aurre egin eta aurrera egin ahal izateko. 

Azaroaren 10ean eta 11n landuko dira gai horiek guztiak eta beste asko, foroaren XVI. edizioan; hona hemen jardunaldien ordutegiak: 

  • Azaroak 10, 09:00-13:30 eta 16:00-18:00.
  • Azaroak 11, 10:00-14:30.

Berrikuntza, merkataritzan aplikatua

Ekimenaren barruan, 2006. urtean sortu zenez geroztik, nazioarteko lau biltzar eta zazpi jardunaldi tekniko antolatu izan dira, gaiak askotarikoak izanik. Besteak beste, merkataritzaren arloko hirigintza, marketina, teknologiaren bilakaera eta teknologiak zer nolako eragina duen txikizkako merkataritzan, edo merkataritzaren formatu berriak. 

Gainera, formatua berreskuratzera goaz, egitura tradizional hori izan zuen azken edizioa 2012. urtean egin baitzen; urte hartan, Mobile shopping. Xehekako merkataritza sektorea egokitzeko erronka berriak izan zen gaia. Horren aurretik, biltzarretan honako gai hauek landu ziren: Hiri-ekosistemarako merkataritza estrategiak, Merkataritza berritu, hiria berritu edo Hiriaren eta merkataritzaren arteko bizikidetza.

Anima zaitez eta zatoz merkataritzaren etorkizuna ezagutzera!

Aurtengo edizioan parte hartzeko izen-ematea doan da, eta azaroaren 3ra arte egin daiteke, Gasteizko Udalaren webgunean, Urban Commerce 2022 ataleko formulario honetan. 

Araban ekintzailetzarekin lotutako berri, laguntza edo ekimen ororen berri izan nahi baduzu, ez izan zalantzarik, eta egin harpidetza gure newsletter-a jasotzeko edo jarrai gaitzazu plataforma hauetan: LinkedInTwitter edo Facebook.