Berriak

Ekin Breakfast: Adimen Artifiziala, iraultza teknologikoa eta ekintzailetzan aritzeko esparrua
03/07/2024

Vagary Mobility: “Zure ideiak balio du lehiaketaren irabazle izatea motibazio-txute bat izan da lantaldearen eta enpresaren une sentsible batean”

Triziklo elektriko autokargagarriak fabrikatzen dituen proiektu bat da Vagary Mobility, sare elektrikorako konexio-premia albait gehien minimizatzeko diseinatutako trizikloak eginez. Iturri berriztagarrietan oinarritutako energia-autosorkuntzako sistemak ezarrita lortzen da hori. “Zure ideiak balio du” lehiaketako Ekimen industrial onenaren Michelin saria lortu zuen proiektuak joan den maiatzaren 23an.

Vagary Mobility proiektuko lantaldea elkarrizketatu dugu proiektua zehatz-mehatz ezagutzeko asmoz.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi bakar batean?

Hiri-mugikortasuna irisgarria, inklusiboa eta jasangarria izatea bilatzen du Vagary proiektuak, erabiltzailearen erosotasuna eta segurtasuna baztertu gabe.

(AE): Nola sortu zen ideia?

Egunerokoan hiri-mugikortasunaren inguruan bizi dugun problematikatik sortu da gure ideia, batez ere eguraldi txarrarekin bizi dugunetik, bizikleta egunero erabiltzen baitugu hiri-garraiobide gisa, eta bere garaian banaketa-lanerako (Sergio).

Hasiera batean, ibilgailu txiki bat bilatuz hasi zuen proiektua Sergiok, kutsadura murriztuko zuena, arina izango zena, eta autokargatu ahal izango zena, betiere jendearentzat eskuragarria izanik mugikortasun jasangarrirako hautua egitea.

Laster sartu ziren proiektuan Liliana Sabogal eta Edinson López ideia berriak ekarriz, eta horrela hasi ginen garatzen gure mugikortasun-printzipioak. Salgaien garraio-sektorerako karga-bizikletak hartu genituen ardatz hasiera batean, baina laster konturatu ginen trafikoa, kutsadura eta aparkatzeko arazoak murrizten laguntzeko beharrezkoa zela biztanleria osoa kontuan hartzea, eta horrela sortu zen mugikortasun pertsonaleko gure ibilgailua, zeinaren diseinua ez dagoen soilik langile eta ikasleen eguneroko joan-etorrietarako pentsatua, baizik eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat eta gure adinekoentzat ere baliagarria izan dadin.

(AE) Zein puntutan zaudete orain?

Mugikortasun pertsonaleko gure ibilgailua ardatz duen merkatu-azterketa batean ari gara lanean, izan dezakeen onarpena eta merkatuan benetan izan ditzakeen posibilitateak zehazteko, ibilgailu horrekin espero baitugu sektorean bidea zabaltzea.

Gure karga-bizikletak jada diseinatuta badaude ere, sektorean lehendik esperientzia duen bazkide industrial baten bila gabiltza, ibilgailuaren produkzioa bazkide horrekin aurrera ateratzeko.

(AE): Zein da zuen helburua urtebetean?

Kronograma bat finkatuta dugu eta hurrengo urtearen erdialderako mugikortasun pertsonaleko gure ibilgailuen erreserbak onartzen egongo garela espero dugu, puntu hori funtsezkoa delarik gure bideragarritasun-azterketaren azken urrats gisa.

(AE) Zer aholku gustatuko zitzaizuen jasotzea proiektuarekin hasi zinetenean?

Hasieran, eta gure ekintzaile-arimak hori egitera behartzen bagaitu ere, produktua garatzen eta produktuari ezaugarri asko gehitzen gehiegi kontzentratzeak ez dizkio aukera gehiago emango produktuari merkatuan. Azken batean benetan axola duena gure ideia bideragarria dela lehenbailehen probatzen hastea da, gure balio-proposamenaren gutxieneko ezaugarriak gordeko dituen gauza sinple batekin bada ere, ezen, bestela, produktu zoragarri eta super garatu batekin iritsiko gara beharbada produktu hori interesatuko ez zaion merkatu batera, edo dagokiona ez den xede-publiko bati zuzendutakoa izango da.

(AE) Zer eman dio proiektuari “Zure ideiak balio du” lehiaketaren errekonozimenduak?

Motibazio-txute bat izan da lantaldearen eta enpresaren une sentsible batean, eta han zergatik geunden eta bidaia hau zergatik hasi genuen gogorarazi digu.


Arabako ekintzailetzari buruzko albisterik, laguntzarik edo ekitaldirik galdu nahi ez baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera, edo jarrai gaitzazu LinkedInTwitter edo Facebook-en.