Berriak

Zure negozioari ekiteko laguntza emango dizuten sei aplikazio
25/10/2018
Ajebask urteko enpresaburu arabar gaztearen bila dabil
06/11/2018

Zibersegurtasunaren munduan eta 4.0 Industriaren munduan ekiteko aukera interesgarri ugari utzi dizkigu Araba 4.0 jardunaldiak

Joan den ostiralean Arabako Parke Teknologikoa zibersegurtasunaren hiriburu bihurtu zen goiz batez, Araba 4.0 Jardunaldiari esker. Bertaratu zirenek aukera izan zuten 4.0 Industriak interneten konektatzea erabakitzen duten enpresentzat dakartzan inplikazio eta arriskuak bertatik bertara ezagutzeko.

Dagoeneko enpresa gehien-gehienak jakitun badira ere konektatutako industriak berekin dakartzan onura ugarien inguruan, oraindik badira batzuk IT eta OT sareari konektatzean zer arriskuri aurre egin behar dieten ez dakitenak. Datuen lapurretarekin eta produkzio-geldialdiekin hasi eta estandar berriak ez betetzeagatik negozio-aukerak galtzeraino.

Batzuentzat erronka bat dena, beste batzuentzat negozio-aukera bakarra izan daiteke. Hala ziurtatu zuen Román Ramírezek (RootedCON): “zibersegurtasunaren arazoak egundoko dimentsioa dauka, eta horregatik edozein konponbidek merkatu potentzial itzela izan dezake”. Gainera, azpimarratu nahi izan zuen “irudimen handiagoz jokatu beharra dagoela, gure sistemei eraso egiteko indarrean dauden moduen inguruan gogoeta egitean”.

4.0 industriak aukera ugari eskaintzen dizkie zibersegurtasun-zerbitzuak eskaintzeko enpresa bat sortu nahi duten ekintzaileei, eta goizean aukera horietako batzuk agerian geratu ziren.

Mercedes Benz, Michelin, Aernnova Aerospace, Tubacex eta beste enpresa handi batzuetako ordezkariak mahai-inguru batean bildu ziren, zibersegurtasunaren sistema eta zerbitzuen balioaz gogoeta egiteko. “Produkzioa bizpahiru egunez geratzeak berekin ekar ditzakeen galerak zenbatzea, horixe da zibersegurtasun-inbertsio bat saltzeko modurik onena”, Tubacexeko Ibon Galarzak ziurtatu zuenez. “Guk pneumatikoak egiten ditugu, ez gara informatikariak, eta eremu horretan adituak diren pertsonak behar ditugu erronka berriak gainditzen laguntzeko”, Ricardo Vázquez Michelin-eko zuzendari teknikoak adierazi zuenez.

Zibersegurtasunaren gaineko arazoak ere aztertu zituzten mahai-inguruan, eta askok aipatu zuten segurtasun-adabaki batzuk jartzeko programatu gabeko geldialdiak egin beharraren haritik datorren arazoa, adabaki horiek, guztiz probatuta ez daudenez, beste arazo batzuen iturburu izan litezkeelako. 

Horrek agerian utzi zuen enpresa askok laborategiak edukitzeko duten premia, bertan segurtasun-sistema eta adabaki guztiak probatu ahal izateko produkzio-katean inplementatu baino lehen. Tecnalia Cyber-Range instalazioak ditugu horren adierazgarri ezin hobea, edozein enpresaren sistemak ingurune seguru horretan proba daitezkeelako produkzioa arriskuan jarri gabe. Laborategi horiek ETEentzako zerbitzu gisa eskain daitezke, baina badira enpresa handiak ere beren laborategia sortu nahian eta erosi eta instalatzeko moduko hardware soluzioen bila dabiltzanak.

Negozio-aukera ugariez gain, Araba 4.0 jardunaldiak argi eta garbi utzi zuen zibersegurtasunari lehentasuna ematen dioten enpresek aurrera egiteko aukera gehiago dauzkatela horrela jokatzen ez dutenek baino.

Izan ere, Carmen Torranok (Eleven Paths, Telefónica) adierazi zuenez, zibersegurtasunaren munduan “sareko kate-maila ahulena bezain babestuta gaude”.